XV. mendean Juan Sánchez de Bilbao judu merkatariak erdi aroko etxe batzuk zeuden lekuan eraiki zuen, XIII. mendeko Gaona leinuko antzinako dorre bat inguratuz, dorre hau jauregi honetako lehenbiziko eta bigarren solairuen barnean mantendu delarik. Izar itxurako ganga polikromatu bat nabarmentzen da, honekin dorretxe honetako areto noblea estali eta gaur egun arte osorik mantendu izan da.







Sokaren Etxea (gaztelaniaz Casa del Cordón) Arabako Gasteiz hiriburuko Alde Zaharrean kokatzen den jauregi bat da. Hain zuzen ere, Aiztogileen kalean dago. Bere izena etxe honetako sarbide bikietako arku baten gainean ikus daitekeen frantziskotarren ordenako soka bati zor dio.
ERAIKINA
Gotiko arkitektura zibilaren adibide eder hau hainbat pertsona ospetsuen iragan lekua izan zen, esate baterako Filipe I.a Gaztelakoa eta bere emaztea zen Joana Gaztelakoa. 1522ko urtarrilaren 22an Adrian Utrechkoa jauregi honetan zegoela 13 egun aurretik Aitasantu izendatu zutelaren berria iritsi zitzaion. Adrian VI.a izango zena hilabete batez Gasteizen bizitzen egon zen, bertan Espainiako Erresumako erregetza mantendu zuen eta Frantziako Erresumatik zetozen erasoaldien aurrean Nafarroako Erresumaren espainiar defentsak prestatzen aritu zelarik.